Plazatik gora egingo dugu eskolara iritsi arte. Metro batzuk aurrerago goraka doan bidezidor bat hartuko dugu. Pista zabala aukeratuko dugu pagadi batera iristeko. Pagadi hori zeharkatu ondoren Labardain baserria ikusiko dugu aurrez aurre. Baserritik, ezkerretara hartuko dugu. Labardain Saletxe baserriaren parean eskuinetara hartu eta zelaia zeharkatuz baso batean barneratuko gara. Ondoren datorren bidegurutzean ezkerrera joko dugu. Berazeaga baserrira iritsi aurretik "denabatera" bidea hartuko dugu, ezkerretara desbideratuz. Pista hori utzi eta errekaraino jaitsiko gara. Bide nagusiari ekingo diogu muino batera iritsi arte, hor eskuinetara dagoen bigarren bideari ekingo diogu. Hurrengo datorren bidegurutzean ezkerretara egin eta errekarekin batera jaitsiko gara. Ondorengo bidegurutzean eskuinera egingo dugu. Bordaren aurrean ezkerraldera bide zaharra ikusiko dugu. Hortik jarraitu Betelu Goena baserriraino. Zementuzko pistatik eginez Betelu Barrenara iritsiko gara, Ernio errekaraino jarraitu, zubia zeharkatuo eta mendi oinetaraino joango gara. Hortik, mendiaren oinetan zehar eta errepideari paraleloan herriko plazara igoko gara.