Pilotalekutik iparralderantz abiatu eta Bordatxora iritsiko gara; hor eskuinera hartuko dugu. Urdanzubideluze-Haundi, Urdanbideluze-Txiki eta Arreginea baserriak pasatuko ditugu. Bidegurutze baten ondoan dagoen basabide batera iristen garenean, igotzen hasiko gara eta eskuinaldetik jarraituko dugu, belardietatik eta pinudietatik barrena. Pista jiratuz joango da, eta zatitutako lursailak dauden paraje batera helduko gara hortik Mendigainera, non eskuinera hartuko dugun. Eraikin txiki bat (Elketei) pasa eta muino batera iritsiko gara. Hor ekarritako bidea utzi eta hego-mendebalderantz hartuko dugu. Belardiaren itxituraren eta oihanpearen mugaren artetik jarraituko dugu, une batzuetan garai bateko galtzada zapalduz. Bidea estutzen joango zaigu, eta Lizarbakarra muinoan dagoen Txotane bordara helduko gara. Bide nabarmenik gabe jarraituko dugu eta, altuera galtzen goazen neurrian, hegoalderantza jiratu eta, belarrezko bideska batetik barrena, muino batera iritsiko gara. Zuhaitz batzuen ondoan metalezko monolito zahar bat topatuko dugu. Bideskari eutsiko diogu eta, aurrerago, ezkerraldeko bidetik egingo dugu aurrera, bidea amaitu arte. Pagadi bat zeharkatu eta, irtetean, Lizarbakarra errekaren sorburua ikusiko dugu. Hortik aurrera ekialderantz jarraituko dugu. Bidea kota txikienetan errekarekiko paraleloagoan joango da igoeran baino, eta pagoen, hariztien eta elorri zurien artetik igaroko da. Bidea, alde banatan ote zuria duela, itxita dagoen meatze-aho berezi batetik pasatuko da. Arregenea eta Urdanbideluze baserrien ingururaino jarraitu eta hortik pilotalekura jaitsiko gara.