Leaburuko plazatik errepidera jaitsi eta Belauntzako norabidean eta hilerriaren aldamenean ateratzen pistak Ubillots eta Mendibil, Naparrenea eta Kilimodi baserrietara eramango gaitu. Azkeneko baserri horretatik Ibarrako errepidera jaitsi eta Baratzondo baserrira joango gara. Zuzen jarraituz gero, basoan sartuko gara eta eskailera batzuk jaitsita, iturri batera helduko gara. Bidetik segi eta txabola batera joango gara eta hor, behera doan pista bat hartuko dugu. Liñaosiñetako iturriraino. Basotik iraleku batera aterako gara eta hortik, Zazpibideetara. Bidegurutze horretan eskuinera ateratzen den pista hartu eta Tolosako hilerrira helduko gara. Horren parean ezkerreko bidea hartuko dugu. Aurrerago burdinazko ate bat pasa eta basoan sartuko gara. Txarama gainean dagoen bidegurutzera iristean, ezkerrera joko dugu eta gaztainondo eta haritz amerikarrez beteta dagoen gurdibideari jarraituko diogu. Euletxeberriko iturrira iritsiko gara eta, hortik, berriro, Zazpibideetara. Orain, gure eskuinetik ateratzen den bigarrengo pista hartuko dugu eta, metro gutxi batzuk egin ondoren, San Sebastian baselizara iritsiko gara. Eta errepidetik zuzen-zuzen joanez gero, plazara iritsiko gara.