Zuloaga Txiki aterpetxetik ekingo diogu ibilbideari. Hortik Hernialdeko errepidera jaitsiko gara, Zuloaga errekan gora egin eta lehen zubira iristeko; zubia zeharkatu eta errekan gora jarraituko dugu baina oraingoan eskuinaldetik. Hiru bat kilometro egin ondoren erreka zeharkatu eta malda gogor baten gora pago artetik doan bide bati ekingo diogu, Malaka baserriaren goitik doan pista bat aurkitu arte.
Hor Urkizurako ohiko bidea hartuko dugu ezkerretara, San Zipirio ermitaren hondakinak utzi eta Urkizu baserrira heltzeko. Itzultzeko ere bide bera egingo dugu, baina berehala hori utzi eta beste bat hartuko dugu, Damaiturrira jaisten dena, alegia. Hortik, Lizardi poetaren omenezko monumentura iritsiko gara, gero beherako bidea hartzeko Mutitegi baserrietaraino iristeko. Hortik San Esteban auzora goaz zuzenean.