Ibilbidea Altzomuinon hasiko dugu, Lizarribar eta Elordi etxeen tartetik abiatzen den asfaltozko pistan gora. Bidean goazela, Gereizeagako olgetarako gunetik pasatuko gara, eta gero, Goikoetxe baserritik. Arrimagara iritsitakoan Azkarateko bidea hartuko dugu; bide horrek Arteainera gerturatuko gaitu eta, han, karobi baren hondakinak eta borda bat ikusiko ditugu. Ondoren harrobiaren gainetik joango gara, GR121etik; GR121a Zarateko leporaino iristen da (Nafarroako muga). Harrobia amaitu ondorengo bidegurutzean guk eskuinera egingo dugu, Legasako bidetik, GR121 ezkerrera utziz. Basa-bide hau lehenik pagadi eder batetik eta, ondoren, kantabriar artadi zoragarri batetik igarotzen da. Zitzaolara iristerakoan, berriro GR121 hartuko dugu, baina aurkako norabidean, lehenengo bidegurutzera heldu arte. Behin horra iritsita, joandako bide beretik bueltatuko gara. Puxika formako ibilbide labur honek 11,5km inguru ditu.
Bestalde, Zitzaolan, eskuinera jo beharrean ezkerrera jo dezakegu eta Laparmendira igo gaitezke (812m). Talaia horretatik inguruko mendien bista zoragarriez gozatu ahal izango dugu. Gainera, monumentu megalitikoak ikus ditzakegu ibilbide honetan: Pagohaundiko tumulua eta Otsabioko trikuharria.