Gazteluko elizaren aurretik bide bat igotzen da, Elizalde, Usurburu, Mikel-Enea, Goienetxe eta Iriarte baserrietarik pasatzen dena. Ondorengo bidegurutzean ezkerrera hatuko dugu eta GR-9arekin batera joango gara Uli-rantz. Aurrera eginez, bideak Pagamutegi eta Enekutegiko parajeetara eramango gaitu. Hor, ezkerrera, Berastegiko PR-Gi 111arekin gurutzatzen da, guk aurrerantz egingo dugu, Uliko atsedenleku- eta babesleku- aldera.
Bueltatu, joan garen bide beretik bueltatuko gara baina bidegurutzean ezkerrera hartuko dugu PR-Gi 121ekin batera. Beherantz goazela, Orexa bidean, Ohiantxiki granjara jaitsiko gara. Nabeen eskuinaldetik, hormigoitutako bide batetik Orexako San Markos baselizara iritsiko gara. Baselizan, eskuinaldera hartu eta, Lizartzako PR-Gi 10arekin bat eginik, koniferen eta gaztainondoen artetik Iraolako bordara iritsiko gara. Guk aurrera jarraituko dugu, Gaztelura doan bidean. Hurrengo bidegurutzean eskuineko bidea hartuko dugu eta, bidea jarraituz, Iriarte baserria baino pixka bat lehenago dagoen bidegurutzera itzuliko gara. Etorritako bide beretik Gazteluko plazara iritsiko gara.