Udaletxetik irten eta eskuineko bideari helduko diogu; bidea, atxikitako hainbat etxeren aldamenetik doa. Zubia gurutzatu eta Iruñara doan errepidetik jarraituko dugu, Orexako bidegurutzeraino. Etxehandi aurrean berriro zubia gurutzatu eta, berehala, ezkerrean dagoen gurdibidea hatuko dugu. Gurdibidea, haritzen eta gaztainondoen artean, Amarraitzetako garo-lekuetara igotzen da. Gezi batek 400m-ra dagoen Asurdarioko trikuharria (bakarra) adierazten digu. Aurrera jarraitu eta Elorrigaina igaroko dugu. Borda batera iristen garenean, ezkerraldetik jaisten den pista hartu eta Troskamuñoko errekara iritsiko gara. Bi borden artean pasa behar dugu eta, metro batzuk aurrerago pista utzi eta, ezkerrean dagoen bide batetik barrena, harraskara igoko gara. Harraskatik Malkorre baserrira igo eta, eskuinera hartuta, Orexako herrigunera iritsiko gara. Udaletxearen atzekaldetik, errepideari segi eta San Markos baselizara helduko gara. Puntu horretatik gure bidea PR Gi-11 Gazteluko bidearekin batera doa, Iraolako bordaraino. Bordan biak banandu egiten dira; gure ezkerrera biratuko da, Muñoko gaina inguratuz, eta Zelarain baserrira jaitsiko da. Hortik bide zaharra hartu eta Lizartzara iritsiko gara.