Ibilbidea hasteko, San Joan Iturriraino joan beharra dago. Horretarako, herriko plazatik (informazio panela dagoen tokitik) abiatu eta bi kilometro egin behar dira. San Joan iturrian baduzu aparkaleku bat, aparkalekutik 50 bat metro jaitsi eta lehenengo seinalea ikusiko duzu, Altzagarate 1,6 km dioena.
Ondoren, Abalizelai Behekoa baserria atzean utzi eta jo ezazu eskuinera, aurreraxeago basoko argigune batera irten arte. Hemen bidearen arrastoa galdu egiten da une batez, baina lasai, behealdean eskuin aldetik agertuko zaizu berriro.
Tapa-tapa segi eta, bidegurutzera heltzean, gora eta ezkerrera jarraitu, Altzagarate auzora iritsi arte. Hor har ezazu ezkerrera eta, Burnisagasti baserritik igaro ondoren, hel iezaiozu goiari eskuineko bidetik. Gora egin ahala, Altzagamendi bueltan hartuko duzu eta Bostaitzetara iritsiko zara.
Bostaitzetan dagoen seinaleak bi aukera ematen dizkizu: ibilbidearen abiapuntura (Baliarrainera) bueltatzea edo, bestela, Altzaga eta Gaintza herriak bisitatzera joatea.
Ezkerreko bideari jarraituz, Zumitza baserriaren ondotik pasako gara, herrirantz goazela.